XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

SOKA LUZEA

M. Atxaga

Ez nuen auzi honetaz gehiago idazteko asmorik.

Baina oker bat zuzentzearren eta apezpikuek dena luzea dutelako, kola ere luzea dute.

Dorrearen antzera dute txapela, tantaiaren antzera makila.

Eta luzea zuten, Infantak eztaietan baino luzeagoa, garai batekoek, bederen, kola edo kaparen isatsa.

Hari eusteko apaiz bat behar izaten zuten atzetik.

Eta luzeak dira apezpikuen hitzak ere.

Baina hasi nadin okerrak zuzentzetik.

Jesuitatzat jo nuen lehengoan Rafael Agirre, Deustuko teologia irakaslea delako.

Baina jesuita guztiak ez daude Deustun eta Deustuko guztiak ere ez dira jesuita, agi denez.

Otoi, barka, beraz, Loiolako aita Inazioren seme hain erraz egina Rafael Agirre.

Okerra zuzendu ondoren, gotzainen soka luzeari jarraitu behar diot.

Hitz egin baitute.

Hobeto esan, hitz eginarazi baitiete.

Izan ere, isilik zeudelako EAJ eta Arzalluzen alde zeudela egozten zitzaien.

Eta haizeak hortik jo duelako alde horretara mintzatu dira.

Larrauri, Gasteizko apezpikua, behintzat, gotzainek askotan salatu ohi duten bekatu berean jausi da: testua osorik entzun edo irakurri gabe mintzatu.

Zoritxarrez, alde batera bota ditu erruak.

Are okerrago, Eusko Alderdi Jeltzaleak esan ez duena eta eskatu ez duena ipini du jeltzaleen ahotan.

Iñork ez baitu EAJren inguruko gotzainik eskatu.

Oraingoetan ere ez dago inor bere burua nazionalistatzat aitortzen duenik.

Hala ere, jeltzaleek ez dute hitzerdirik esan.

Oker larria egin du, beraz Larraurik.

Lelokeria bat ere esan du.

Edozein gotzainek ere bere elizbarrutia ezagutu behar duela eta bertako arazo, kultur eta historiarekiko sentibera izan behar duela baietsi ondoren, dohain edo gaitasun horiek etxekoak bezalaxe izan ditzake kanpokoak erantsi baitu.

Teorian, jakina.

Praktikan ez.

Etxe-kalte batzuk ezagutu ditu: Lauzirika eta Gurpide, adibidez.

Gainentzeko etxekoetan ere euskal kulturaren, euskal historiaren, euskal nortasunaren eta euskal hizkuntzaren aldeko sutsu gutxi ezagutu dugu.

Egoera ere ez da berdina baina Kataluniako gotzain gehienen mila leguatara daude hemengoak.

Gehienak, jakina, kanpokoak izan ditugu.

Bat bera ere ez zen hemengotu.

Espainiako kultura eta hizkuntza sendotzen ahalegindu ziren, euskararekiko uzkur eta etsai agertuz.

Pierre Moleres Baionakoa bakarrik da salbuespena.

Hasteko, ez zen hain arrotza, Ustaritzen ikasia eta Mathieu Akizeko gotzain hazpandarrak apaiztua zenez.

Gero, Libanon egin zituen urte mordoska, era guztietako kristau taldez, herri eta hizkuntzez inguratua: libanotarrak, palestinarrak, armeniarrak, siriarrak, kurdoak eta abar, musulmanak, greziar ortodoxoak, armeniar kristauak, maronitak, drusoak, protestanteak, katolikoak eta abar.

Besteak beste, arabez, frantsesez eta ingelesez mintzatu behar izaten zuen.

Non dago Espainian burua eta bihotza honela zabaldutako gotzain bat?

Buruzagiak euskaldunak aukeratzeko Elizak adina aukera ez du Euskal Herrian beste inork.

Ehuneko 90 euskaldunak izango dira Bizkaiko apaizak.

Jakina, emakumeak, ezkonduak, kristau ezkongeak, apaiz soilak eta abertzaleak baztertu eta lehendik gotzain direnetatik aukeratu behar bada Espiritu Santuari lan izugarria ematen zaio.

Ez da harritzekoa, beraz, Erromara sekulan iritsi gabea izatea.